Harresietan zehar eta karriketako labirintoetan barna, katedrala eta kalostraren artean, Euskal eta Baionako Historia Erakustokitik hasi eta neo-euskal eta Art Deco arkitekturara, bizirik dagoen ondarea atzemanen duzu.

Baiona, ondare historiko aberatsa duen hiria

Lapurdumetik Baionara

Ba ote dakizu Baiona IV. mendeko Lapurdum castrum erromatar zaharren hondakinen gainean eraiki zela? Antzinako dorre batzuk oraindik ikus daitezke, Baiona handiaren bihotzean, katedralaren eta Gaztelu Zaharraren inguruan, antolatua den auzorik zaharrenean.

Baionara ateraldia eginen duzunean, denboran barna bidaia ezazu, erromatar garaitik neo-euskal arkitekturara iraganez, Vaubanen zitadelatik Santa Maria katedraleko kalostra gotikora.

Arte eta historia labela

2011z geroztik, Baiona “Arte eta historia Hiri eta Herrialdeak” sarean sartua da, Kultura ministerioak haien arkitektura eta ondare material eta immateriala balioan ezartzen duten hiri eta lurraldeei ematen dien prestigiozko aitortza.

Lapurdum, Arkitekturaren eta Ondarearen Interpretaziorako Zentroak (AOIZ), Baionaren arkitektura, hiri eta paisaia bilakaeraren ulermenerako giltzak eskaintzen dizkizu. Zure bisita historiko eginen duten informazioak!

Monumentu eta gune saihestezinak

Baiona eta haren harresiak

Baina itzul gaitezen ondare baionesera eta haren bitxi ederrenera: harresiak.

Itsasotik bi urratsera, Aturri eta Errobiren ibai-gurutzean kokatua, Pirinioetatik hurbil eta Espainiako bidean, XX. mendera arte leku garrantzitsu bilakatzen zuten osagai estrategikoak agertzen zituen Baionak. Iragan horrek, antzinako dorretatik hasi eta Vaubanen obretaraino, Erdi aroko gotorleku eta harresietatik segi eta Pizkunde garaiko gaztelu dorreetatik iraganez, hiri zentro zaharra inguratzen duten defentsarako arkitektura altxor ohargarria utzi dio.

Baionako katedrala

Ez ezazu ahantz hiriaren beste harribitxiaren bisita: Santa Maria katedral gotikoa. 1998az geroztik Unescoko munduko ondareen zerrendan da, “Frantziako Donejakueko bideak” kultura ondasun gisa. Hiru mendez Baionak ingeles koroarekin izan zuen loturaren lekuko diren Ingalaterrako leopardoz apainduriko ganga-giltzarriei begirada bota iezaiezu. Steinheilek sinaturiko margoz apainduriko deanbulatorioko kaperek lilura zaitzaten utz iezaiezu.

Ibil zaitez XIII. eta XIV. mendeetan eraikiriko kalostran zehar: Frantzia mailako handienetako da! Viollet-le-Ducen dizipulu zen Boeswillwaldek XIX. mendean irudikatu zituen katedralaren dorreak begiratzeko ikuspuntu ederra eskaintzen du.

Erdi Aroko sotoak Baionan

Baionako beste bitxikeria bat: erdi aroko sotoak, gehienak portuko aktibitateari esker hiriaren lehen garapen ekonomiko handiaren garaian eraikiak. Horietako soto bat (urririk) bisita daiteke Lapurdum AOIZean; gehiago ikusteko, ez duda gai horrekin loturiko bisita gidatuan parte hartzea!

Arkitektura berezia

Ondare Gune Ohargarri gisa sailkatua, Baiona Handiko eta Ttipiko auzoek Frantzia mailan dentsitate gehien dutenen artean den zentroa osatzen dute. Karriketan barna, XVII., XVIII eta XIX. mendeko eraikinek haien aitzinalde hertsiak agertzen dituzte, batzuetan burdin artelanez apainduak. Barnean eskailera-kaxa zoragarriak ikus daitezke… Osotasun horrek hiri monumentu koherente eta originala osatzen du. Auzo berrienek aldiz neo-euskal eta Art Deco korronteek markaturiko obra biziki ederrak agertzen dituzte.

Cave, casemates Bayonne © Mathieu Prat

Baionaz dena jakiteko bisita gidatuak

Baionaren historia, arkitektura eta ondarea ezagutzeko, gure Arte eta historia hiriaren hizlari-gidak jarraitzea eta altxor baionesa ezohiko moldean ulertzea gomendatzen dizugu. Deskubrimendu are liluragarriagoetarako, egonaldia horri eskainiriko egunetan egin ezazu: Arte lanbideen europar egunak, Ondarearen europar egunak, Arkitekturaren Frantzia mailako egunak.