2017ko lehen Points de Vue festibalaz geroztik, Baiona Karrika artearen erreferentziazko hiri bilakatu da Frantzia mailan. Urtero fresko berriekin aberasten da. Ipar Euskal Herriko hiriburua angelu desberdin batetik deskubritu eta bisita ezazu, karriketan kurrituz, karrika arteko obren xerka ibiliz.
Baiona, karrika artearen hiriburu
Points de Vue festibala
2017an, Spacejunk (kaxu Galerie bilakatu dena) arte zentroak lehen Points de Vue festibala abiarazi zuen: mundu guzitik heldu artistak, batzuk nazioarteko ospea dutenak, hirian sartu ziren eta hamarnaka fresko sortu zituzten. Festibala arrakastatsua izan zen, bai publikoaren ikuspegitik baita kritikoen aldetik ere: San Izpirituko Ulysse Darrack karrikako DEIH artista katalanaren freskoak munduko fresko ederrenaren saria eskuratu zuen!
Festibala errepikatzea erabaki zen eta urtero, urrian, Baiona egiazko kanpoko galeria bilakatzen da aste batez. Hori, ikaragarriko freskoen norabidean begiak altxatuz edo hiriko xokoetan gordeak diren altxorrak xerkatuz deskubritzen dugu.
Baina Points de Vue festibalak murruetan diren freskoak baino zerbait gehiago ekarri du. Festibalak irauten duen artean, animazio desberdinek karrika arte zaleen zentzu guziei dei egiten diete: karrika arteari buruzko dokumental emanaldiak, mahai inguruak, jam saioak eta elektro kontzertuak, arte herritarraren paleta osoa da hedatzen dena. herritarraren paleta osoa da hedatzen dena. Haurrentzako ere antolatzen dira, live painting eta grafitiaren tekniketarako lehen irakaspen saioak, baita skateboard kurtsoak ere.
Mundu mailan ezagunak diren artistak
Baionako murruetan presente diren artistak gehiegi dira guziak aipatu ahal izateko; gainera, fresko berriak agertzen dira erregularki, artista batzuek ez baitute festibala iristea igurikatzen Baionako murruetan haien talentua agertzeko.
Halere aipa dezagun, adibidez, hiriko gutun kutxa batzuk marrazki-molde bidez margotu dituen C215 grafitigilea: pertsona anonimoak edo ospetsuak, abereak, Gremlins bat ere dago! Zuri dagokizu aurkitzea.
Nahas-mahas aipa genitzake Pixel Panchoren robot malenkoniatsua edo Bourroua etorbideko Stom500en abere bitxiak, baina baita Resplandy kaian den Sismikazot bikotearen Hitza Hitz artzain miresgarria ere.






Kanpoko erakustokia
San Izpiritu, karrika artearen gorengo maila Baionan
Kaxu Galeria San Izpirituko Sainte-Catherine karrikan kokatua denez, gazte eta “artya” den auzo hori naturalki bilakatu da baiones karrika artearen epizentroa. Abantzu karrika guziek haien freskoa dute. Nevercreweko baleek arreta erakartzen dute Aturriren beste aldetik. Lesseps kaiko gaztetxea Nexgraff Pasaiako 20 urteko artista gaztearen obra eder batez apaindua da gaur egun. Azkenik Sainte-Catherine karrikaren perpendikular ttipi batean den Always lost in the sea aipa dezagun. Orain zuri dagokizu deskubritzea eta zure fresko gogokoenak zein diren erratea!
Arte herrikoia Points de Vue aitzin
Baionako murruek ez dute itxoin Points de Vue festibala iristea haien berezitasuna agertzeko. . 80ko hamarkadan jadanik Patxa plazak grafiti aldarrikatzaileak eta mezu iraultzaileak fierki agertzen zituen: ezagunena hil edo desagerrarazi zituzten ETAko kideen aurpegiak agertzen dituena da. Gaur egun, obra berriak zaharrekin nahastera datoz zirimola militante bat sortzeko.
Exist artista baionesak berak, urte osoan zehar bisaia hautsiak aletzen ditu erakusleiho baionesetan.
Bisita gidatuak karrika artearen inguruan
Kaxu galeriak urte osoan 4 karrika arte zirkuitu proposatzen ditu:San Izpirituko zirkuitua,
Baiona Gainetako zirkuitua, Ez ohiko zirkuitua eta Erretratu zirkuitua Karrika artearen historia, erabiltzen diren teknikak, aipatzen dituen gaiak eta horren ondoriozko mezuak ezagutzeko baliabide sinple eta eraginkorra da.
Turismo Bulegoak ere karrika artearen inguruko bisita gidatuak antolatzen ditu.
Haurrentzako molde dibertigarri eta egokiagoan, Terra Aventura atzeman ezazu. Altxor xerka jokoarekin freskoak eta geocachinga deskubritzeko parada ukanen duzu, karrika artearen unibertso berezian murgilduz. Deskubritzea bakarrik eta zure erritmoan egin nahi baduzu, Listeners aplikazioa telekarga ezazu. Urririkakoa da eta Baionako auzoetan ibilbide animatuak jarraitzea ahalbidetuko dizu.

Kaxu Galeriara joateko:
Txik Txak, autobusa : T1, T2, 3, 7, 72, 22 eta 23 lineak, Baionako Geltokiko geltokia.
Txirrindula: laguntza elektrikoa duen txirrindulen zerbitzu libreko alokatzea



