Eguzkia atera da eta airea hartu nahi duzu? Ederki! Baiona eremu naturalez eta bioaniztasun burbuilaz betea baita: jarrai gaitzazu Poternera, lorategi botanikora, Ansot zelaigunera edo Historia naturaleko erakustokira eginen dugun ibilaldian.

Parkeak, lorategiak eta eremu naturala hirian

Poterne, harresien bihotzean

Baiones ttipi guziak joan dira noizbait poterneko parkera jostatzera: jarrai itzazu eta zoaz Vaubanen harresien itzalean indarberritzera, hiri erdian den ohi ez bezalako gunera. Begiak zerura luza itzazu: agian Baionan baliatzen diren soropil mozkailu naturalak ikusiko dituzu. Izan ere, ahuntzek egiten dute pasaia malkartsuenen mantenua!

Lorategi botanikoa, bioaniztasun geriza leku

Poternetik bi urratsera, lorategi botanikoa harresien gainetik zazpi metrora kokatua den leku gordea da hein batean. Japoniar moldean pentsatua, landare biziz, zuhaitzez eta lore bitxi eta exotikoez, zurezko zubi ttipi batez eta ur-jauzi batez eginiko koadro barea eskaintzen du. Oasia hiri erdian.

Ansot zelaigunea, aterpe ekologikoa

Eta Natura 2000 sailkapenean den eremu batera ibiltzera joanen bazina? Baionaren ateetan, Errobi bazterreko eremu hezeetan, Ansot zelaigunea eremu naturaleko mosaiko batez osatzen da: oihana, pentze hezeak, lezkadiak… Flora eta fauna biziki espezifikoa behatzen ahalko dituzu: iratzea, perretxikoak, xoriak, moluskuak. Sei kilometro bidexka daude oinezko, zaldun eta txirrindularientzako irekiak. Zergatik ez han piknikatu eguzkia agertu dela baliatuz?

Baionako Historia naturaleko erakustokia

Eremu natural minberaren erdian kokatua den frantses estatuko erakustoki bakarra, Historia naturaleko erakustokia Baionako erakustoki zaharrena da: 1856an sortu zen! Mundu guzitik heldu diren 35.000 piezako bilduma deskubritu ezazu; zoologia, botanika, geologia, etnologia…. bezalako eremu biziki desberdinak hunkitzen ditu. Ez duda aldi baterako erakusketen inguruko argibideak eskatzea, zaletasun oro asetzeko bada!

Leon Bonnat eta Rene-Cassin lorategiak

Herriko etxearen gibelean kokatuak, bi lorategi publiko daude parez pare: patxadan egoten ahalko zara Leon Bonnat lorategian, frantses estiloan 1907an eraikia eta turrusta eder bat eta zuhaixka eta lore koloretsuko xokoak ditu. Eta metro batzuk urrunago, ingeles estiloko Rene-Cassin lorategia mirestera joanen zara: forma askeak, bidexka bihurgunetsuak, hortentsia muinoak eta erdian musika kiosko enblematikoa

Caradoc parkea, Baionako gainkaldean

Caradoc gaztelua, enbaxadore batek Baionako gainkaldean XIX. mende hastapenean eraikia, hektarea anitzeko parke batez inguratua da. Hartan Japoniako astigarrak, agapanthusak, sekuoiak, ezkiak… eta 1860an landaturiko magnolia grandiflora “Caradoc” miresgarria aurkitzen dira. Parke atipiko horretatik Pirinioen bista ederraz gozatuko duzu.

Eta promenatzeko beste parke anitz

Mousseroles parkeak piknikatzeko edo baloiarekin jostatzeko belardi hedadura handiak agertzen ditu. Leo-Pouzac plaza-lorategia berriki zaharberritua izan da eta Aturri bazterrean zure zain da. San Izpiritu aldean, Bergeret eta Marquisat plaza-lorategiek harrera ederra eginen dizute itzalean egon zaitezen

Parc Caradoc jeux pour enfants © Mathieu Prat
Parc Caradoc balade à vélo © Mathieu Prat
Marche au Parc Caradoc © Mathieu Prat
Balade au Parc Mousserolles © Mathieu Prat