Zaila Baiona bisitatuko duzunerako bost leku saihestezin hautatzea, izan ere hiria eraikin interesgarri eta enblematikoz josia da. Alta erronka gainditzen saiatu gara!

Baiona, ondarearen eta esperientzia ahantzezinaren artean.

Vauban harresiak

Ibilaldi ederra duzu zure zain: harahonaka ibili harresietan zehar, hiriaren inguruan! Hiriko lehen harresiak Erromatarrek eraiki zituzten, oraindik Lapurdum izeneko castrum erromatarra zelarik. Baina, 1680tik 1685era, Luis XIV.ak Baionara igorri zuen Vauban izan zen, noski, harresi horien hobetze garrantzitsuena gainbegiratu zuena. Poterneko lorategian harahonaka ibiltzera gonbidatzen zaitugu, alde zaharrean Espainiako atetik sartzera, eta harresietan barna galtzea Lachepaillet etorbidetik ibiliz. Hobe oraindik, bisita gidatua egitea posible den begira ezazu, harresien barnean kokatuak diren kasamatetan sartzeko!

Visite guidée des remparts de Bayonne © Mathieu Prat
Cathédrale Sainte-Marie Bayonne intérieur © Mathieu Prat

Santa Maria katedrala eta Baiona Handia

Ezinezkoa huts egitea: berak marrazten du Baionaren itxura arranditsua, hari esker, baiones erbesteratuek haien hiria hurbiltzen ikusten dute etxera itzultzen direlarik. 1998az geroztik Unescok Gizateriaren munduko ondare izendatua, 1258an sute batek suntsitu zuen katedral erromaniko zaharraren hondakinen gainean eraiki zen. Estilo gotikoan berreraikia, XIX. mendean baizik ez da bi dorre ospetsuez apainduko: Viollet-le-Ducen dizipulu Boeswillwadek egin zuen lanen segimendua. XIII. eta XIV. mendeen artean eraiki zen kalostra Frantzia mailako handienetakoa da!

Bisitatu ondoren, zergatik ez harahonaka Baiona Handiko erdi aroko karriketan zehar ibili, katedralaren inguruan? Faures karrika sortzaile eta artisau tailerrez betea da. Hortik hurbil, Espainiako karrikak, janari saltegiak eta idazkun ezagunak ditu. Hortik zoaz Plachottera, Augustinoen karrika ttipian sartu eta zoaz gutxik ezagutzen duen Bernard Lacarre plaza mirestera: xarma ikaragarria du! Bisita txokolate bero batekin Port-Neuf karrikan buka ezazu, ongi merezia duzu!

Baiona Ttipia eta San Andres trinketea

Baiona Handia baino herrikoiagoa, euskaldunagoa, “Ttipia” bizi eremu animatua, gaztea eta dinamikoa da. Aitzinaldeak koloretsuak dira eta murruek mezu militanteak eta karrika arteko grafitiak agertzen dituzte. San Andres eliza eta izen bera duen trinketea bisitatzen ahalko dituzu; ostegunez baldin bazoaz adibidez, pilotaren espezialitate izarra den esku huskako partida ikusten ahalko duzu.

Berantago, arrastian, auzoa animatzen da eta gazteak karriken jabe bilakatzen dira. Murgildu zaite jendartean, euskal espezialitateak edo munduko sukaldaritzakoak prestatzen dituen jatetxe batera joan. Azkenik Pannecau karrikako ostatuen bidea har ezazu, giro bero beroa bizitzeko!

Visite du Petit Bayonne © Matthieu Prat
Musée Basque et de l'Histoire de Bayonne © Mathieu Prat

Euskal Museoa

Euskal Museoa Dagourette etxean da, XVI. mendeko portuko egoitza bat, Baiona Ttipiaren bihotzean. Euskal Herriko gizarteko biziari eskainiriko bilduma etnografiko aberatsenari harrera egiten dio.

Erakustokia hiru mailatan eta hogei gela tematikotan antolatua da, euskal kulturaren alde desberdinak aztertzen dituztenak, jatorria eta hizkuntza, ehorzketa errituak, baserrialdeko bizia eta arkitektura… adibidez. Sail berezi bat Baionako historiari eskainia zaio, euskal eta gaskoi gizarteak argitan ezarriz. Ramiro Arrueren, Gustave Colinen edo Leon Bonnaten margolanak agertzen dituen bildumak soilik erakustokira joatea merezi du.

Larunbat gormanta Merkatu estaliaren inguruan

Larunbat goiza memento pribilegiatua da Baionan. Izan ere, merkatuak hiriaren bizi sozial guzia kontzentratzen du Merkatu estaliaren inguruan. Merkatu estaliaren barnean dauden hogei bat dendariei barazkiak, gasna edo arraina saltzen dituztenak gehitzen zaizkie, baina baita tokian berean jatekoa eskaintzen duten salmahaiak ere. Beraz zoaz eta tokikoek bezala egin ezazu: jar zaite, garagardo edo kafe bat eskatu, eta giroaz goza ezazu! Eta gainera Aviron Bayonnaisen partida eguna egokitzen bazaizu, besta are ederragoa izanen da.

Marché du samedi matin au Carreau des Halles © Mathieu Prat