Zer da Terra Aventura? Aplikazio forman eskuragarri den joko interaktibo bat da, zeinak Baiona molde ludikoan deskubritzea ahalbidetuko dizun. Enigmak argitu eta altxorrak xerkatu, hiria deskubritzearekin batera. Familian egiteko aktibitate ezin hobea! Aplikazioa, Baionako bi ibilbideak eta Ipar Euskal Herriko beste hamabost ibilbide enblematikoak euskaraz eskuragarri dira.
Denentzako altxorraren bilaketa
Geocachingean inspiraturiko joko bat
Geocachinga 2000 urteetan garatu zen eta munduko gune desberdinetan Geocachak xerkatzeko GPSa erabiltzean datzan aisialdia da. Geocach bat bisiten erregistro batez eta eskuarki baliorik gabeko girgileriak diren “altxor” bat edo gehiagoz osatua den edukitzaile irazgaitza da.
Terra Aventura mundu mailan arrakastatsua den joko honetaz inspiratu da, hiria molde ludikoan deskubritzea ahalbidetzen duen altxorraren bilaketa sortzeko. Zuri dagokizu eraikinen aitzinaldeetan edo eskuarki bazter uzten diren xokoetan indizeak xerkatzea eta zailtasun desberdinetako enigmak argitzea. Helburua? Gordelekuen kokaguneak eta dituzten altxorrak deskubritzea! Poï’z-ekin topo eginen duzu, bildumatzeko txapa forman agertzen diren nortasun handiko pertsonaiak.
“Txapeldun” txapa birtuala irabazten saia zaitez, Ipar Euskal Herriko 17 ibilbideak euskaraz edo frantsesez gaindituz!
Etapaz etapa, kilometro batzuetako ibilbide horiek altxor txikiak deskubritzea ahalbidetuko dizute, hiria begirada berri batez deskubritzen duzun bitartean.


Nola ibiltzen da zehazki?
Google Play edo App Storetik aplikazioa telekarga ezazu; osoki doakoa da! Eskaintzen diren hizkuntzen zerrendan euskara hauta ezazu. Berantago hizkuntzen ezarpenetara itzuli nahi baduzu: pantaila gaineko eskuinaldean “Menu” klikatu, ondotik “Hizkuntza” eta “Euskara” edo beste hizkuntza bat hauta ezazu. Aplikazioa berrabiatuko da.
Jostatu ahal izateko zure kontua sor ezazu eta ondotik ibilbidea gaiaren, iraupenaren eta zailtasunaren arabera hauta ezazu. Ibilbidearen datuak telekarga itzazu eta “Hasi” klika ezazu: goazen abenturan barna!
Jestu gutitan zure kokapena mapan irudikatu ezazu eta zoaz urratsez urrats . Enigmen erantzunak idatzi, eta gordelekuaren koordenatuak agertzen dira! Jokoa jarraitzea besterik ez duzu…
Ulertu duzu: Terra Aventura aktibitate turistiko atsegingarria da, familia edo lagunekin urteko egun guzietan praktikatzeko ezin hobea.
Denentzako eskuragarri den jokoa
Jokoak gaitasun desberdinei dei egiten die, ahal bezain bat jendek parte hartzeko gisan. Gutieneko kirol aktibitatea barne du, ibilbide bakoitzeko 2,5 eta 5 km artean ibiliko baitzara. Kultura presente da, jokoak hiriaren historiari buruzko anekdota anitz ikastea ahalbidetuko baitizu. Baina Terra Aventuraren hitz nagusia josteta da! Zure sen abenturazaleari dei eginen dio, haurrak jostaraziko burasoen interesa piztearekin batera.
Konkretuki, ez aitzina ez gibelera baldin bazaude ez da larria: ibilbide bakoitzean laguntza eta hiru joker izanen dituzu. Laguntza txiki horiek sakela telefonoko aplikazioan baizik ezin dira baliatu.
Koordenatuak gorriz agertzen dira? Laguntza baliatu erantzun okerrak bistaratzeko: gisa horretan zuzentzen ahalko dituzu. Eta laguntzarekin ere ez baduzu koordenatuak desblokeatzea lortzen, joker bat balia zenezake erantzun onak eskuratu eta gordelekua atzemateko.

Baiona kontatzen duten ibilbideak
Txokolatea edo karrika artea, zure aldea hauta ezazu!
Bi ibilbide daude eskuragarri Baiona deskubritzeko. Lehenak, Baionak baba atzeman du izenekoa, hiriaren historia txokolategilean murgilduko zaitu; aski errexa da, 1:30 oren inguru behar dira egiteko, eta 2.5 km ibilaldi.
Bigarrena, Bakoitzak bere estiloa xerkatzen du izenekoa, hiriko murruetan presente diren karrika arteko freskoetan oinarritzen da. Zailagoa da: 2 oreneko xerkatzea beharko da eta 5 km ibilaldi.



