Txirrindulari ohiko edo noizbehinkakoak, Baiona txirrindularentzako egina da: Aturri edo Errobi ibai-bazterrak, konkistatzekoak diren joko eremuak dira. Baserrialdeko aire lasaigarria edo itsasaldeko pizgarria nahiago izan, zoriontasuna atzemanen duzu txirrindula ibilbide aukera bereziki anitzari esker.
Txirrindula pistak Baiona inguruan
Baiona bisitatzeko txirrindula pistak
Baionan ez da txirrindula pistarik eskas! Hirian zehar ibilbide ederra marrazten duten 40 kilometro pista inguru zain dituzu. Baionako txirrindula pisten eta txirrindula aparkalekuen karta atzeman ezazu, baita gida praktikoa ere.
Hiria eta haren xoko guzietan sakabanatuak diren karrika arte obrak deskubritzeko molde atsegina!
Itsasora buruz, Angeluko norabidean
Ozeano Atlantikoa ikustera joan eta Angeluko hondartzetan eguzki bainu bat hartu nahi duzu? Ibilaldi berezi bat zain duzu Biarritzeko norabidean doan Vélodysséearen ibilbidea jarraituz. Baionako herriko etxetik abiaturik, aski duzu Aturri ibai-bazterra segitzea. Baionako portu aitzinetik pasako zara. Hermione bisitatzeko geldialdia egin zenezake.
30 minutu baino gutxiagoan itsas bazterrera eta Barrako hondartzara iritsiko zara. Han, Aturriren bokalea ikusten ahalko duzu, baina Barrako lerratokian pista itzuli batzuk egiteko geldialdia ere egin zenezake.
Ondotik, Barrako biribilgunean, itsas- bazterretik doan “Angeluko Hondartzetako Pista” har ezazu. Angeluko hondartza guzien ondotik pasako zara: surflariak erakartzen dituen Zaldunen hondartza; Dunen hondartza naturismo zaleentzat; jende gazte eta modakoa erakartzen jakin duen Madraga. Bidaia Amodio Ganberan bururatuko duzu, surfaren beste gune garrantzitsua, zeinean jatetxe anitzek Atlantikorako bista ezin ederragoa eskaintzen duten.






Baiona ura bazterretik, Ahurtiraino.
Goxoa den ibilbide hori familiarekin txirrindula egun bat iragateko parada ederra da. Ibilbidearen gehiengoa txirrindula pistetan iragaten da eta desmaila ezak ibilaldi goxoa ahalbidetzen du.
Inguru bat egin ezazu San Bartolome frontoina ikusteko, zeinean pilota partida bat ikusteko xantza izanen duzun agian. Saint-Laurent-de-Gosseko zubitik Aturri zeharka ezazu, Ahurtira iristeko. Mokofinek biziki gogoko duten La Galupe jatetxean bazkaltzen ahalko duzu.
Kasu halere, joan-etorriko 35 kilometroko distantziak indarrak ongi neurtzea eskatzen du!
Baiona – Milafranga – Uztaritze bide berdea
Ibilaldi hori distantzia laburrak lehenetsi nahi dituzten bidaiarientzako egokia da. 50 minutu behar dira Uztaritzera iristeko! Fauna eta flora endemikoa duen Ansoteko Ordokia zeharkatzen ahalko duzu eta, gisa horretan, presente diren txori anitz behatu.
Bizi basari buruzko erakusketa desberdinak ikusgai dituen Baionako Historia Naturaleko Museoan geldialdia egin ezazu, eta Errobin gora segi. Milafrangako Pasarela dantza ostatuan bazkal zenezake eta, ondoren, erreka bazterrean itzalpeko kontenplazio pausa egin.
Uztaritzera iristean, Natura Abentura 64 kirol gunean zaudela baliaturik, zergatik ez kayakean saiakera bat egin, bide lagun izan duzun errekarekin bat egiteko gisan?
Txirrindula-bideak
Vélodyssée
Vélodyssée, Bretainiatik Hendaiara Atlantiko bazterrean zehar doan txirrindula-bidea da. EuroVelo1 (EV1) edo Atlantic Coast Route txirrindula pistaren frantses estatuko zatia da. Europako txirrindula-bide luzeena da. 2021ean estreinatua, Europa Mendebaldea iparretik hegora zeharkatzen du, Norvegiako Ipar lurmuturra eta Portugalgo Caminha lotuz. 11.150 kilometrotan 6 herrialde zeharkatzen ditu: Norvegia, Erresuma Batua, Irlanda, Frantzia, Espainia eta Portugal.
Txirrindula-bide horren Frantziaren parteak beraz Vélodissée izena hartzen du. Abentura eta sentsazio biziak gogoko dituztenentzat saihestezin da! Bidea itsas-bazterretik doa 1.200 kilometrotan eta Atlantikoko herri desberdinetako tokiko kulturetan barna bidaiarazten zaitu.
Capbreton – Baiona ibilbidea, oihan, landa eta ondare artean
Landen eta Ipar Euskal Herriaren arteko etapa hori Capbretonen hasten da, bide berde ederra eta karrika lasai batzuekin. Landetako oihanaren bihotzetik segitzen du, eta hondartzen hegian, Ondres eta Tarnose arteko txirrindula pista atseginean.
Ondotik, progresiboki hiri-lurretan sartuko zara: kasu zirkulazioarekin, Tarnose zeharkatzean, eta Bokaletik aitzina autoekin partekatu beharko duzun bideari. Bokale eta Baiona artean ibilbidea txirrindula pista berrian sartzen da, baina D108 departamenduko errepidean pasaia batzuk gelditzen dira oraindik.
Balia ezazu etapa hori Capbreton parean, itsasoan, belaontzi edo katamaran batean itzuli bat egiteko; edo familiarekin bazaude Labenneko zooko animaliak ikustera joateko!
Baiona – Biarritz, Euskal kosta ur bazterretik
Etapa hori Baionan hasten da, Aturri bazterretik doa Txibertako ondoren oihana zeharkatuz Angeluko hondartzetara iristeko. Biarritzera iristeak Kantauriko golkoaren zerumugara irekitzen dizu.
Baionak hiria errazki bisitatzea ahalbidetuko dizun txirrindulentzako antolaketa ongi garatua du. Kontuan hartzekoa, Marines etorbidean den txirrindulak konpontzeko Txirrindola tailerra


Pirinioetako Piemonteetako Txirrindula-bidea (V81), Atlantikoaren eta Mediterraneoaren arteko beste bide luzea
Atlantikoaren eta Mediterraneoaren artean, 81 Txirrindula-bideak denen eskura den ibilbidetik Pirinioak deskubritzera eramaten zaitu, mendikatearen bista ezin ederragoa eskainiz Angelutik abiaturik eta Barcarèsera (66) iritsiz, 6 departamendu eta 2 eskualde konektatzen ditu.
Bide horren lehen zatiak Angelutik Ahurtiraino eramaten zaitu, Baionatik iraganez Aturriren eskuinaldean gora. Aturriko eremu hezeak, flora eta fauna tipikoak deskubritzeko ezin hobea. Neguan lertsunen hegaldi dotorea ikusteko parada ukanen duzu agian. Ahurtirako iritsiera liluragarria da; herriak gelditzea eta bisitatzea merezi du eta, zergatik ez egin itsasontzi ibilaldi bat Aturrin gaindi? Ahurti ondoren Txirrindula-bideak Ezkozera eramanen zaitu, hastapenean laua eta gero biziki muinotsua den bidetik.

